2007/12/16

ziur...


Ia-ia korrika txikian noa maldan gora, kale estuetan barrena sartzeko. Hotza da gaur giroa, azkenaldian egunero legez. Nik ordea, ez dut inguratzen nauen hotz horretan pentsatzeko astirik.

Tabernara sartu eta "Cola-cao" bero bat esaktu dut, eskuak berotzeko soilik izan bada ere, eta aulki luze horietako batean pausatu naiz, nora begiratu jakin gabe.


Zigarroari su eman diot, eta hasi da pixkanaka bere bizitza laburra izango dena xahutzen, errautsak lekua jaten dion bitartean. Zazpi izan dira "Cola-cao"ak beroa mantendu duen bitartean erre ditudan guztiak. Beste hamaika eta bat zure irudia atetik barrena sartuko denaren itxaropenez zain pasa ditudan orduak.

Jada ohitura bilakatu da, ordea, oraindik ezagutzen ez ditudan begi horien esperoan egote hori.


Erotuta nagoela dio zenbaitek. Nik, ordea, badakit iristear egoten zarela etxerako bidea hartzen dudanero.


Biharkoan ziur...

2007/10/27

empty world


"Empty". Horixe irakurri berri dut interneteko txoko galduren batean. Milaka hitz zeuden, baina begiradak horixe harrapatu du, eta behin eta berriro begiratu, berba bera barruan somatu arte. Eta egia esan, hutsik dut sentitzen barrena azkenaldian. Barrena, ingurua, eta mundua oro har.

Ez baita irribarrearen keinurik txikiena sortuko diran gauzarik euskaldunon egunerokoan, ez eta Iraken; amerikarren McDonalseko pailazoak duela urte mordoa galdu zuen xamra enetzat, eta jada metroan bidaiatzeak zuen ikutu erromantiko edo, esan dezadan, literario hori ere galdu du mundu honek. Tokyoko karrika erraldoietan, "besarkadazaleak" dabiltza kariño falta duen edonorentzat-edo.

Hutsaltasuna izango ote..."emptyness" aurkitu du oraingoan nire begirada...hutsak.



... empty world ...

2007/04/28

Izaren arteko kafe usaina


Izara zimurtuen artean are ederragoa zait zure irudia. Loak oraindik ez du erabat alde egin ene begietatik, baina esnatzearekin batera zure usaina somatzeak... ez dakit... deskriba ezina izan da. Guztia esango nizuke oraintxe, hilabete luzez buruan irudikatu dudan oro, esna igaro ditudan mila eta bat gau, guztia... zure azalaren esperoan.

Alkoholez bustitako musuak ordea, biharamun garratzak izaten omen dituzte zenbaitetan.


Iratzargailuak esnatu zaitu. Nik berriz, ez dut begirada segundu bakar batez ere zuregandik mugitu.


Begiekin hitz egin didazu kafe usaina somatzen hasi den bitartean.


Nahikoa izan dut hori, izarek gordeko dute bart gauekoa... luzaroan.

2007/02/02


Goizaldeko ordu hauetan irratiak soilik askatzen zaitu izaren berotasun itogarritik, loak zurekin topo egin nahi ez dueneko uneetan. Buruan hamaika irudi, biraka, ez dakizu zergatik. Irratiak ahotsa galtzen du pixkanaka, eta bat- batean, katez aldatzen hasi eta, doinu hura aditzea iruditu zaizu. Bai, hura da. Ez zinen kantu hartaz oroitzen, baina une honetan entzun ditzakezun akorderik ederrenak dira, arimak oihuka eskatzen dizkizun horietakoak, eta irribarre egin duzu, gaur lehenengoz. Irribarre egin, eta zeure burua filme batean irudikatu, abestiak dirauen bitartean. Filme batean, fikzio hutsa; inguruan somatu nahiko zenukeen errealitatea baina.

izan ere, azken boladan, ezer gutxik sortzen du zirrararik zure baitan. Ez zirrararik, ezta grinarik ere, ezer ez. Kantuak soilik eskeintzen dizu espero duzuna, bizitzak eman nahi ez dizun erantzun hori... Azken notak dira ordea. Emeki- emeki irratiak berriro egin du ahotsa galtzeko keinua... Hurrengo kantuak dio guztia, "...sientes por dentro que todo se va...".

2007/01/21

arima bat noten menpeko


Notak, beti norbaiten menpeko, hurrengo notak esango duenaren zain, eta aurrekoaren itauna erantzun nahian, doinu baten baitan, kantu baten baitan.

Doinu baten aurrean hunkitzen den oro bihurtzen da noten menpeko ordea. Menpeko, begiak umeldu dizkion abesti hori mila eta bat aldiz entzungo duelako, jarraian, barnean duen korapilo hori askatuko zaionaren itxaropenez. Mila eta bat aldiz entzun, doinuaz maitemindu arte, malkoek hunkiduraren muga zeharkatu eta oinazea bustitzen duten arte; denbora luzez arimari sentitzea debekatu dion hura erraietan somatu arte. Gorroto izan nahiko lukeen hura, oriandik ere maite duela pentsatu arte, haren hutsuneak nortasuna ezabatzen dion uneetan.

Oraindik ere maite du, edo gertuago sentitu nahiko luke, gaur bederen, gaur bai, egunak desberdin argitu duelako agian, edo euri tanta bakan batzuek guztiari gris ukitu hori eman diotelako beharbada, edo besterik gabe, notek askatu ez duten korapiloa aireratu nahi duelako, berritan ere noten segida bera entzun, eta arimak korapilaturik dirauela konturatuko den arren.

2007/01/13

hitzik politenak ez diren arren...


Gaurkoan, zuretzat. Bai, berezia zarelako, zu zarelako, hainbat unetan ene barneko amorrurik latzena azaleratzen didazulako. Besteetan ordea, nire arimaren txokorik ezkutuenak erakusten dizkizudalako, nahigabe agian, masailak gorritzen zaizkidalarik batzuetan. Zuretzat, beste batzuetan bere muxuengatik sentituriko grina azaldu nahi dizudalako, horretarako hitzik aurkitzen ez dudan arren... Zuretzat, nire nortasunaren zati handi bat eraiki duzulako, urtez urte, egunez egun. Zuretzat, duzun guztia eskeini didazulako, maindire artean zerrail hotsaren zain egon eta egongo zarelako hamaika eta bat aldiz. Zuretzat, askotan gorroto izan zaitudalako malko artean. Ene gezurrak, askotan sinetsi dituzulako, eta egi horien artean igerian darraizulako. Zuretzat, maitasun hitz ederrekin liluratu nautenek baino gehiago maite izango nauzulako beti, zinez, edozerren gainetik, azken finean, zure zati naizelako.


Zuretzat, ama.

2007/01/08

Ez dakit...

Gauero lez desio dut
loak harrapatzea.

Loak harrapatzea
guztia ahazteko.

Nintzen hura
izaten jarraitzeko.

Baina era berean
eromenezko une haiek
berriro azalean sentitzeko,
ezkutuan.

Inork jakin ez dezan,
berak jakin ez dezan,
ene buruak jakin ez dezan.

Nire arimaren ahots leun horrek
ezer txarrik egin dudala
esan ez diezadan.

Ez dut eta
oreka lortzea beste gogorik.


Ene barnean.

Ene begirada guztietan.

Nik neurea ulertzen ez dudanean.

Senti dudana azaldu ezin dudanean.



Arimaren oihuak kanporatzeko
mila eta bat ele hautatzean.


Ez dakit...

2006/12/06

Zuregatik eta betirako


Bide honek ez ei du atzera bueltarik. Iragana beti izan da zerbait lausoa, oroitzapen hutsa. Sarritan ordea, igarotakoa izan ohi da etorkizun.

Oroitzapen hutsa diot, baina oroitzapenak berak hutsaltasun hori beteegia du agian hitzez, keinuz, begiradaz, ferekaz, SENTIMENDUZ, ... Beteegia bai, inoiz bizitza delako istorio hau leuna izan dadin; beteegia, iragana atzean utzi eta aurrera egin ahal dezagun.

Aztera so egite hori berritan ere, atsekabearen errainu bakarra. Oinazearen printzak ere badituela esango du zenbaitek, aspaldian zoragarria zen hura berreskuratu nahi hori malkotan baita itotzen. Malkotan ito, desagertu, eta burua altxatzeko saiakera bakoitza suertatzen da alferrikako azkenaldian. Ez ote dut kemena galdu? Baietz esango nuke, baita itxu geratu naizela bizitzak omen duen distira horren aurrean... zuregatik eta betirako.

2006/10/29

zuretzat, lumaz eta paperez


Aspaldiko:

Lehen aldia da hona iritsi nintzen uneaz geroztik, luma hartu eta zerbai tidazten dudana. Zer dio haizeak gaurkoan handik?Hemen, isiltasun lotsati honek ez du aurrera egitea errazten. Nigandik metro batzuetara negar zotin batzuk soilik entzun ditzaket, eta egia esan, nahikoa eta gehiegi dut horrekin lau horma zurbil hauen artean biziraun ahal izateko. Guztia hiltzen du honek, norberarena zen oro, pentsamenduak eta, are gehiago, sentitzen zenuen edozer, arima ezerezean utzi arte. Inoiz gertatu zaidan hoberena dela pentatzera ee iritsi naiz, merezi dudan bakarra dela. Arima pizkanaka bere burua salduz doanaren seinale. Hala ere, aspaldian ahaztuak ditut, iraganera bidaiatu era irribarrez, esna amesten nuen une haiek. Urteak daramatzat begiak ireki, eta kolorerik bereizten ez dudala.

Gaur ordea, egunsenitko lehen argi printza ez da atzokoa izan, ezta herenegungoa ere, ez da aspaldiko egunsenti grisen antzekoa izan. Bere errainua burdinen arteko zirrikituetatik sartzerekin batera, betazalak emeki altxa eta zure irudia etorri zait gogora. Ahantzirik nuen horrek barnean sortzen zidana, zapore gazi-gozo hori: baina ez dut saiakerarik izan buruan nuena segundu bakar batez ezabatzeko, gustoko dut antza. Maindireen ukituaz banandu ezinik, ohearen bestaldera mugitu dut gorputza, norbaiten arnasa azalean somatzeko itxaropenez, norbaitena edo, zurea sentitzeko itxaropenez. Ezerezaren hutsaltasun hori besterik ez dut aditu ordea, eta bapatean, nituen pentsamendu bakanak hustu, eta iraganera bidaiatu nahi izan dut, segundu batzuetan behintzat, une eztiren bat bizitzeko.

Une gozoak hamaika izan zirela gogoratu dut bai, baina horrekin batera, badakit egun bat gehiago daramadala zure alboan nintzen hura ez naizelarik. Korapiloak imen dira bizitzaren gako bakarra, eta egia esan, ene bizitza korapilo batetik askatu eta beste batera lotze aizan da orain arte. Askatu nahia eta ezina da ordea bizitzaren borrola. Arima baten oihuak, marruak...amaigabeak lirateke korapilorik ez balego. Baina, nola ulertu bizitza lotsarik gabe, beldurrik gabe, korapilorik gabe? Ene barneko oihuak itzal hutsalek entzun beharko dituzte; zure belarrira xuxurlatuko nituzkeen hitz goxoak berriz, airean galduko dira urruntasun honetan, doinu gozoren baten notekin nahastuz, eta are politago bilakatu, ezinezkoa badirudi ere. Ezinezkoa, jasangaitza gertatuko zaio arimari, eta baita bihotzari ere, zure alboan ez nagoelarik egun bat gehiago bizitzea. Une guzti hauen ondoren aspaldian bizitzakoerrutina goxo hura erraza dela pentsatuko du zenbaitek, beste maitasun istorio galdu bat. Baina beti pentsatu izan dut maiteminak sufrimendua sortzearekin batera, berau gustoko duela, maite duela, hazi egiten dela saminaren baitan, ene azalea bederen. Amodioa deitu izan zaio, eta horrexek ematen dit, ask eizango naizen egun agertuago sentitzeko kemena, malkoak xukatuko dizkizudala pentsatzeak, zure gorputza laztanduko dudala pentsatzeak. Desioa piztu dit horrek, eta ez dut denbora gehiegirik behar izan begiak itxi eta pasiozko une bat buruan irudikatzeko, elkarri guztia ematen genion unehorietako bat imajinatzeko.

Taupadak gero eta arinago, lasterka txikian. lepoan kilimak sentitu ditut, zure ezpainak dira, ahasztezina haien ukitua. Ahaztezinak hañaber zure eskuak ene gorputzean, eta nireak zurean, pixka bat lotsatiago. Plazerrezko mila eta bat unerekin amestu dut dagoeneko, bakoitza gertuago sentitu nahian, ohituragatik edo, bai baitakit urruntzen ari direla, nire suaren garra ez dela zuganaino iristen. Horregatik hartu zut gaurkoan lehen aldiz luma, ene hitzak zuganainio iritsiko direlakoan. Iritsiko ote dira, ez baitut iraganera itzultzea beste poztasunik.

Laster arte maitea, bihotzez.

2006/10/21

bizitzaren bueltak


Helduen ahotan hamaika aldiz entzun izan dugu. Bizitzak buelta asko ematen omen ditu. Ez dakit jada zahartzen hasi ote naizen, edo neguaren gertutasunak arima ilundu didan, baina zinez, bizitzak hamaika buelta ematen ditu. Egunez egun, hilabetez hilabete, desiratu dugun hori, ametsetan soilik egin zitekeen errealitate, eta geure buruari ere ukatzen genion geure barrenak zuen gogo bakar hori. Ez zirudien bizitza asko aldatuko zitzaigunik, pentsamenduekin gehiegi jolastu genuen agian, samina barneratu genuen apika. Ahantzi genuen, erraietako min hura, azaldu ezin daitekeen hori; edo ahantzi genuela sinistarazi nahi genion geure buruari.


Norabidea galdu genuen ordea, norabidea, zentzua, izena, izana. Arima ez baitzen ezer bere ahotsaren kilimak belarri ondoan somatu gabe, bere begiek ez bazuten eneetara so egiten, azalaren bestaldean berearen ikutua ez bazuen sentitzen... ez ginen ezer bera gabe. Eta bizitzaren jira-bira horietako batean, inoizko itxaropen bilakatu zen hura, gure besoetan genuen, guri begira, bere ahotsak azalean kilimak egiten zizkigularik...

Pentsamenduekin gehiegi jolastetik, pentsamendu bakar bat izatera. Bizitzak ematen dituen bueltak...

2006/08/10

Arantzez jositako doinua


Bizitza. Kantu baten parekoa zenbaitetan, edo zenbait kantu bizitzaren parekoak. Larrosa batenoratzea bera ere izan liteke bzitzaren isla, baina mila eta bat kantu entzunagatik, mila eta bat larrosen usaina somatuagaik, inoizko itxaropen bihurtu da bizitza baten zentzua ulertzea.

Sarritan ilargiaren pareko dizdiraz esnatzen zaizkigu begiak, bizizta deritzon istorio honetan, une gozo horiek amaiezin bilakatuko direnaren desioz. Bizitzak berak irakatsi ohi digu ordea, bere benetako izaera, eta kantu hark zioen moduan "barearen ostean dator ekaitza, udaberri berririk ez guretzat". Larrosaren arantzekin topo egiten dugula alegia. Eta behin arantzen ziztadek guztia orbaindu digutenean, bai arima, baita gorputza ere, halako erakarpen bat sentitu ohi dugu oinaze honekiko, iraganera behin eta berriro bidaiatuz, oroitzapenekin maiteminduz. Kantu hark ordea horrela jarraitzen zuen: "denborak aurrera etengabean, ta orain ezin eutsi izan ginena". Eta ezintasun horretan, denborari eskutik heldu, eta etengabe aurrera egitea hoberena, oroitzapenak ezerezaren pareko bilakatuz, larrosaren arantzak banaka, emeki-emeki, erraietatik askatuz. Izan ginen hura ezingo dugu eutsi agian; garen hau ere ez, denbora lasterka bizi ohi baita. Eta jaio ginen uneaz geroztik denboraren aurka zerbait egiten saiatu arren, erlojuen orratzek etengabe dihardute lanean, segundu bakar bat ere ahaztu gabe, biharrak zer ekarriko digun erakutsiz.

... arantzak ahaztu eta kantu berri bat sortu beharko, etorkizuna notekin marrazteko ...

2006/06/01

haizeak eramandakoak


Hitzak haizeak eramaten dituela entzun dugu hamaika aldiz. Haizeak eraman eta une jakin batean izandako balio guztia galtzen omen dute, ezerezean galdu eta desagertu arte. Ez gara ordea hitzak entzuteaz, ahoskatzeaz, irakurtzeaz, idazteaz, azken finean hitzekin jolasteaz, aspertzen. Behar ditugu bizitzeko antza, inoiz ezaguturiko oinazerik latzena sortuko badigute ere; behar ditugu amesteko, esna behinik behin, bere ezpainek hitz horiek ahoskatuko dituztela, astiro, inoiz amaituko ez balira bezala, haizeak eramango ez balitu bezala.

Hitzak ez balira bezala.

Baina hitzak ez balira, nola esan guzti hori? Nola askatu "maite zaitut" bat airera inongo lotsarik sentitu gabe? Edo nola egin marru erraietako gorroto guztia kanporatzeko?

Haizeak eramango ditu, bai, "maite zaitut" guztiak, bihotz batetik beste batera, aho batetik bestera, baita gorrotozko hitzak ere, baina apika ez zen haiek ahoskatzeko unerik egokiena, lekurik egokiena; ez zen hitzik egokiena.

2006/05/04

Zure eskuekin ametsetan


Azala zahartzen ari zait, aspaldiko laztan haien jabe ez delako. Utzikeriaz izan liteke, baina oinazea dela esango nuke. Ez laztanik, ez muxurik, ezereza soilik, edo haizea bera, ene azalarekin oroitzen deneko une horietan; hauek ordea labankaden modukoak izan ohi dira oro har, hotzak, finak, isilak... Ene larruak maitasunik gabe luzaroan egon zezakeela uste nuen, aspaldian hala zen bederen, baina urteek beste azal bat sentitzearen behar hori aregotzen dute antza, mugarik jarri gabe, bera nire baitan eta ni bere baitan, gertu baino gertuago, nire arnasak aurpegia lurrunduko balio bezala, maitasunezko keinurik txikienak ere begietan dizdirarik handiena pizten duela sentitu nahirik, bizi nahirik, entzun nahirik, ukitu nahirik, azken finean sentitu nahirik. Berriro ere jaberik gabeko esku horiekin amets egin dut...

2006/04/24

> Hitzik ez <


Hitzak irakurri, hitzak entzun, hitzak ahoskatu...hitzekin jolastuta ere, gaurkoan ez dute eraginik nigan. Bart ilargia desberdin zegoenaren seinale da agian, hitzak baitira edozerren nortasun bakar. Gela hutsik. baina gaur, lau horma hauen hitzak soilik entzun ditzaket. Hitz mutuak, zentzugabeak agian, edo apika nik nahi dudana entzun dezakedalako soilik atsegin ditut. Gaurkoan arima ganorabako bihurtu zaidalako, ilargiaren begirada bart gauerokoa izan ez delako, gaur hitzak hutsaltasunaren isla izan direlako...

2006/04/16


Sorterria,
hain maitea duguna…

Jaio eta hark hazten gaitu,
hark irakasten digu bizitzaren legea,
hark lokartzen gaitu bere altzoan
aske amets egin dezagun.

Hark ematen digu arnasa,
hark gaitu babesten eta maitatzen,
hark lotzen ditu bere kateak
gogor gure erraietara.

Nekez ahazten ditu batek
bere sorterriaren kateak,
nekez utzi bere lurrak,
nekez baztertu arbasoak,
inperio erraldoien aurrean.

Nekez ematen dugu amore
zapaltzaileen aurka,
nekez beldurtzen gaitu
haien gehiegitasunak
gure aitaren etxea bizirik mantentzean.

Zinez maite du sorterria gauero urrun denak,
Ama Lurraren besoetan
amestuko lukeen hark,
urteetan arima galdu duen hark.

Hil artean defendatuko du
semeak amaren izena,
Hil artean eginen du irrintzi
jarritako mugetatik haratago,
hil artean apurtuko ditu kaiolak,
zapalduko sasiak,
hain maitea duen sorterriaren alde,
bihotzez.

2006/04/13


Damua edo ezina, ez dakit zer den. Nire munduaren zatirik biziena zen hura aldegiten utzi eta, batzuetan nire saiakera guztiek hori ahaztu nahi dute, ezabatu, desagertarazi, ezerezean utzi. Gaurkoan ordea, ez dut besterik buruan, aspaldian sentituriko saminik handienak esnatu nau gaurkoan, eta guztia zertarako?

Nork daki guzti honek bide bat izango ote duen, edo besterik gabe, gezurrezko bidexka bat den, non garuna eta gorputza eskeintzen ditugun, gure arimaren zati bat bertan galtzeko, bizitzaren korapilo horietako batera iristeko. Hala ere, badakit guztiaren abiapuntu bakarra ni naizela, ni eta nire barrena, nire ideiak, sentitzen dudan oro, biziki maite dudan hori aldegiten uzteko; edo bera da, txotxongilo baten arietatik tiraka ari bailitzan, ene hitz oro mugitzen duena, kuttunkeriaz, emeki, azken finean, maitasunez.

... denborak emanen dit erantzuna, baina bitarte horretan, ilargiari galdetu beharko entzun nahi dudan hori...

2006/04/04

biharkoan agian...



Ulermena galdu dudalakoan naiz gaur. Erlojua aurrera geratu gabe, eta nire barrenak poza, tristura, oinazea, beldurra, antsietatea, eta azkenik ezereza sentitu du gaur. Hobeto penstatuaz ordea, lotsa puntu bat ere bai, baina bizitzaren legea dela esango luke zenbaitek, eta sinetsi beharko. Ulermena galdu bai, izan ere, neroen pentsamendunganako inkonprntsio honetan, eztut nire lekua inon aurkitzen...Hitzak ere zail ateratzen zaizkit senti dudana adierazateko, beraz hobe saiakera hau uztea, alferrikako zerbait idaztea baino. Biharkoan agian...

2006/03/30

Korapiloak


Egun bat gehiago bere falta somatuaz. Egun bat gehiago, bere alboan nintzena ez naizelarik. Korapiloak omen dira bizitzaren gako bakarra, bat askatu eta beste batera lotzen omen gara, eta korapiloz gaude osatuak. Askatu nahia eta ezina da ordea bizitzaren borroka. Arimaren oihuak, marruak, amaigabeak lirateke korapilorik ez balego, beldurrik ez balego, lotsarik ez balego. Baina, nola ulretu bizitza lotsarik gabe, beldurrik gabe, korapilorik gabe? Ene barneko oihuak itzal hutsalek entzun beharko dituzte; bere belarrira xuxurlatuko nituzkeen hitz goxoak berriz, airean galduko dira, doinu gozoren baten notekin nahastuz, eta are politago bilakatu, ezinezkoa badirudi ere.

...egun bat gehiago itxaron beharko, oinazearen korapiloa askatuko denaren itxaropenez, iragana berriro azalean sentitzeko...

2006/03/28

Hamaika sentimendu, hitzik ez


Hamaika sentimendu kanporatzeko, mila eta bat malkoren arrazoia ene buruari azaltzeko, baina une iritsi eta ezin ezer idatzi. Bera gertuago sentitu dudan denbora tarte horren poztasunari eutsi nahiak edo oztopatu egiten dit nire barrena askatzea, beraz, beste ilargi baten pean itzuli beharko.

2006/03/13

Sentitzen dut...

Euri tanten soinuak esnatu ninduen atzo ere, begiak irekitzearekin batera, eguna grisez jantziko zela jakinez. Begiak itxi eta momentu eztiren bat bilatu nuen buruan, eta segundu batzuetan iraganera bidaiatu, ez bainuen kemenik artean geratzen zitzaizkidan orduei aurre egiteko. Buruan ez nuen besterik, bera, bere osotasunean, besterik gabe. Grinez bete nintzen orduan, eta egunari aurre egiteko ausardia bildu nuen. Hala ere, gogoeta malenkoniatsuek hortxe zirauten, ilargiari egotzi nion errua "bi egunetara ilargi betea", eta bapatean nire pentsamentuek hustu egin nahi izan zuten, argi printzaren bat sartuko zen itxaropenez. Erlojua egunero lez lanean, segundu bakar bat ahaztu gabe, eta ni hari begira, arima pixkanaka iluntzen zitzaidalarik. Horrelakoetan hobe izaten omen da loaren altzoan geratzea, baina atzokoan ezin izan nuen. Gogorra da bakoitzaren hitzak ezin neurtu izatea, begiradak, keinuak... Baina azkenean ez ote du errua ilargiak izango? nahiago hori pentsatu, gupidarik gabeko patua berriro ere zain dudala penstatzea baino. Iluntzen ari da eta euri tantak ez dira nekatu, tristea dena, are tristeago bhurtzeko saiakera horretan. Lortu dute gainera, edo agian nik lagundu diet lor dezaten. Gaur jeiki izanaren damuak haarrapatu nau.

Itzea