2006/05/04

Zure eskuekin ametsetan


Azala zahartzen ari zait, aspaldiko laztan haien jabe ez delako. Utzikeriaz izan liteke, baina oinazea dela esango nuke. Ez laztanik, ez muxurik, ezereza soilik, edo haizea bera, ene azalarekin oroitzen deneko une horietan; hauek ordea labankaden modukoak izan ohi dira oro har, hotzak, finak, isilak... Ene larruak maitasunik gabe luzaroan egon zezakeela uste nuen, aspaldian hala zen bederen, baina urteek beste azal bat sentitzearen behar hori aregotzen dute antza, mugarik jarri gabe, bera nire baitan eta ni bere baitan, gertu baino gertuago, nire arnasak aurpegia lurrunduko balio bezala, maitasunezko keinurik txikienak ere begietan dizdirarik handiena pizten duela sentitu nahirik, bizi nahirik, entzun nahirik, ukitu nahirik, azken finean sentitu nahirik. Berriro ere jaberik gabeko esku horiekin amets egin dut...