2006/03/30

Korapiloak


Egun bat gehiago bere falta somatuaz. Egun bat gehiago, bere alboan nintzena ez naizelarik. Korapiloak omen dira bizitzaren gako bakarra, bat askatu eta beste batera lotzen omen gara, eta korapiloz gaude osatuak. Askatu nahia eta ezina da ordea bizitzaren borroka. Arimaren oihuak, marruak, amaigabeak lirateke korapilorik ez balego, beldurrik ez balego, lotsarik ez balego. Baina, nola ulretu bizitza lotsarik gabe, beldurrik gabe, korapilorik gabe? Ene barneko oihuak itzal hutsalek entzun beharko dituzte; bere belarrira xuxurlatuko nituzkeen hitz goxoak berriz, airean galduko dira, doinu gozoren baten notekin nahastuz, eta are politago bilakatu, ezinezkoa badirudi ere.

...egun bat gehiago itxaron beharko, oinazearen korapiloa askatuko denaren itxaropenez, iragana berriro azalean sentitzeko...

2006/03/28

Hamaika sentimendu, hitzik ez


Hamaika sentimendu kanporatzeko, mila eta bat malkoren arrazoia ene buruari azaltzeko, baina une iritsi eta ezin ezer idatzi. Bera gertuago sentitu dudan denbora tarte horren poztasunari eutsi nahiak edo oztopatu egiten dit nire barrena askatzea, beraz, beste ilargi baten pean itzuli beharko.

2006/03/13

Sentitzen dut...

Euri tanten soinuak esnatu ninduen atzo ere, begiak irekitzearekin batera, eguna grisez jantziko zela jakinez. Begiak itxi eta momentu eztiren bat bilatu nuen buruan, eta segundu batzuetan iraganera bidaiatu, ez bainuen kemenik artean geratzen zitzaizkidan orduei aurre egiteko. Buruan ez nuen besterik, bera, bere osotasunean, besterik gabe. Grinez bete nintzen orduan, eta egunari aurre egiteko ausardia bildu nuen. Hala ere, gogoeta malenkoniatsuek hortxe zirauten, ilargiari egotzi nion errua "bi egunetara ilargi betea", eta bapatean nire pentsamentuek hustu egin nahi izan zuten, argi printzaren bat sartuko zen itxaropenez. Erlojua egunero lez lanean, segundu bakar bat ahaztu gabe, eta ni hari begira, arima pixkanaka iluntzen zitzaidalarik. Horrelakoetan hobe izaten omen da loaren altzoan geratzea, baina atzokoan ezin izan nuen. Gogorra da bakoitzaren hitzak ezin neurtu izatea, begiradak, keinuak... Baina azkenean ez ote du errua ilargiak izango? nahiago hori pentsatu, gupidarik gabeko patua berriro ere zain dudala penstatzea baino. Iluntzen ari da eta euri tantak ez dira nekatu, tristea dena, are tristeago bhurtzeko saiakera horretan. Lortu dute gainera, edo agian nik lagundu diet lor dezaten. Gaur jeiki izanaren damuak haarrapatu nau.

Itzea