2006/06/01

haizeak eramandakoak


Hitzak haizeak eramaten dituela entzun dugu hamaika aldiz. Haizeak eraman eta une jakin batean izandako balio guztia galtzen omen dute, ezerezean galdu eta desagertu arte. Ez gara ordea hitzak entzuteaz, ahoskatzeaz, irakurtzeaz, idazteaz, azken finean hitzekin jolasteaz, aspertzen. Behar ditugu bizitzeko antza, inoiz ezaguturiko oinazerik latzena sortuko badigute ere; behar ditugu amesteko, esna behinik behin, bere ezpainek hitz horiek ahoskatuko dituztela, astiro, inoiz amaituko ez balira bezala, haizeak eramango ez balitu bezala.

Hitzak ez balira bezala.

Baina hitzak ez balira, nola esan guzti hori? Nola askatu "maite zaitut" bat airera inongo lotsarik sentitu gabe? Edo nola egin marru erraietako gorroto guztia kanporatzeko?

Haizeak eramango ditu, bai, "maite zaitut" guztiak, bihotz batetik beste batera, aho batetik bestera, baita gorrotozko hitzak ere, baina apika ez zen haiek ahoskatzeko unerik egokiena, lekurik egokiena; ez zen hitzik egokiena.