2007/01/21

arima bat noten menpeko


Notak, beti norbaiten menpeko, hurrengo notak esango duenaren zain, eta aurrekoaren itauna erantzun nahian, doinu baten baitan, kantu baten baitan.

Doinu baten aurrean hunkitzen den oro bihurtzen da noten menpeko ordea. Menpeko, begiak umeldu dizkion abesti hori mila eta bat aldiz entzungo duelako, jarraian, barnean duen korapilo hori askatuko zaionaren itxaropenez. Mila eta bat aldiz entzun, doinuaz maitemindu arte, malkoek hunkiduraren muga zeharkatu eta oinazea bustitzen duten arte; denbora luzez arimari sentitzea debekatu dion hura erraietan somatu arte. Gorroto izan nahiko lukeen hura, oriandik ere maite duela pentsatu arte, haren hutsuneak nortasuna ezabatzen dion uneetan.

Oraindik ere maite du, edo gertuago sentitu nahiko luke, gaur bederen, gaur bai, egunak desberdin argitu duelako agian, edo euri tanta bakan batzuek guztiari gris ukitu hori eman diotelako beharbada, edo besterik gabe, notek askatu ez duten korapiloa aireratu nahi duelako, berritan ere noten segida bera entzun, eta arimak korapilaturik dirauela konturatuko den arren.

2007/01/13

hitzik politenak ez diren arren...


Gaurkoan, zuretzat. Bai, berezia zarelako, zu zarelako, hainbat unetan ene barneko amorrurik latzena azaleratzen didazulako. Besteetan ordea, nire arimaren txokorik ezkutuenak erakusten dizkizudalako, nahigabe agian, masailak gorritzen zaizkidalarik batzuetan. Zuretzat, beste batzuetan bere muxuengatik sentituriko grina azaldu nahi dizudalako, horretarako hitzik aurkitzen ez dudan arren... Zuretzat, nire nortasunaren zati handi bat eraiki duzulako, urtez urte, egunez egun. Zuretzat, duzun guztia eskeini didazulako, maindire artean zerrail hotsaren zain egon eta egongo zarelako hamaika eta bat aldiz. Zuretzat, askotan gorroto izan zaitudalako malko artean. Ene gezurrak, askotan sinetsi dituzulako, eta egi horien artean igerian darraizulako. Zuretzat, maitasun hitz ederrekin liluratu nautenek baino gehiago maite izango nauzulako beti, zinez, edozerren gainetik, azken finean, zure zati naizelako.


Zuretzat, ama.

2007/01/08

Ez dakit...

Gauero lez desio dut
loak harrapatzea.

Loak harrapatzea
guztia ahazteko.

Nintzen hura
izaten jarraitzeko.

Baina era berean
eromenezko une haiek
berriro azalean sentitzeko,
ezkutuan.

Inork jakin ez dezan,
berak jakin ez dezan,
ene buruak jakin ez dezan.

Nire arimaren ahots leun horrek
ezer txarrik egin dudala
esan ez diezadan.

Ez dut eta
oreka lortzea beste gogorik.


Ene barnean.

Ene begirada guztietan.

Nik neurea ulertzen ez dudanean.

Senti dudana azaldu ezin dudanean.



Arimaren oihuak kanporatzeko
mila eta bat ele hautatzean.


Ez dakit...