2006/04/24

> Hitzik ez <


Hitzak irakurri, hitzak entzun, hitzak ahoskatu...hitzekin jolastuta ere, gaurkoan ez dute eraginik nigan. Bart ilargia desberdin zegoenaren seinale da agian, hitzak baitira edozerren nortasun bakar. Gela hutsik. baina gaur, lau horma hauen hitzak soilik entzun ditzaket. Hitz mutuak, zentzugabeak agian, edo apika nik nahi dudana entzun dezakedalako soilik atsegin ditut. Gaurkoan arima ganorabako bihurtu zaidalako, ilargiaren begirada bart gauerokoa izan ez delako, gaur hitzak hutsaltasunaren isla izan direlako...

2006/04/16


Sorterria,
hain maitea duguna…

Jaio eta hark hazten gaitu,
hark irakasten digu bizitzaren legea,
hark lokartzen gaitu bere altzoan
aske amets egin dezagun.

Hark ematen digu arnasa,
hark gaitu babesten eta maitatzen,
hark lotzen ditu bere kateak
gogor gure erraietara.

Nekez ahazten ditu batek
bere sorterriaren kateak,
nekez utzi bere lurrak,
nekez baztertu arbasoak,
inperio erraldoien aurrean.

Nekez ematen dugu amore
zapaltzaileen aurka,
nekez beldurtzen gaitu
haien gehiegitasunak
gure aitaren etxea bizirik mantentzean.

Zinez maite du sorterria gauero urrun denak,
Ama Lurraren besoetan
amestuko lukeen hark,
urteetan arima galdu duen hark.

Hil artean defendatuko du
semeak amaren izena,
Hil artean eginen du irrintzi
jarritako mugetatik haratago,
hil artean apurtuko ditu kaiolak,
zapalduko sasiak,
hain maitea duen sorterriaren alde,
bihotzez.

2006/04/13


Damua edo ezina, ez dakit zer den. Nire munduaren zatirik biziena zen hura aldegiten utzi eta, batzuetan nire saiakera guztiek hori ahaztu nahi dute, ezabatu, desagertarazi, ezerezean utzi. Gaurkoan ordea, ez dut besterik buruan, aspaldian sentituriko saminik handienak esnatu nau gaurkoan, eta guztia zertarako?

Nork daki guzti honek bide bat izango ote duen, edo besterik gabe, gezurrezko bidexka bat den, non garuna eta gorputza eskeintzen ditugun, gure arimaren zati bat bertan galtzeko, bizitzaren korapilo horietako batera iristeko. Hala ere, badakit guztiaren abiapuntu bakarra ni naizela, ni eta nire barrena, nire ideiak, sentitzen dudan oro, biziki maite dudan hori aldegiten uzteko; edo bera da, txotxongilo baten arietatik tiraka ari bailitzan, ene hitz oro mugitzen duena, kuttunkeriaz, emeki, azken finean, maitasunez.

... denborak emanen dit erantzuna, baina bitarte horretan, ilargiari galdetu beharko entzun nahi dudan hori...

2006/04/04

biharkoan agian...



Ulermena galdu dudalakoan naiz gaur. Erlojua aurrera geratu gabe, eta nire barrenak poza, tristura, oinazea, beldurra, antsietatea, eta azkenik ezereza sentitu du gaur. Hobeto penstatuaz ordea, lotsa puntu bat ere bai, baina bizitzaren legea dela esango luke zenbaitek, eta sinetsi beharko. Ulermena galdu bai, izan ere, neroen pentsamendunganako inkonprntsio honetan, eztut nire lekua inon aurkitzen...Hitzak ere zail ateratzen zaizkit senti dudana adierazateko, beraz hobe saiakera hau uztea, alferrikako zerbait idaztea baino. Biharkoan agian...