2008/11/28

Zuzenak ez-politikoki


Postariarekin maitemindu zelako

bere maiterik maiteenaren eskutitzaren zain

gau eta egun zirauen hura.


Eleberriko protagonista fiktizioarekin maitemindu zelako

idazlea bere maitasun platonikoa zuelako

liburua erosi zuen hura.


Apaizarekin maitemindu zelako

senarrarekin zituen arazoak

konfesioetan kontatzen zituen emakume hura.


Bederatzi hilabeteko gizentze etengabea

utzi zion kabroi harekin maiteminduta jarraitzen duelako

Mikelen neskalagunak.


Oraindik ere gauero oroitzen delako

arratsaldeko, 7:30ak aldera, egongelan,

jipoitzeko itxaroten zion harekin.


Plagioa egin duen abeslaria

plagiatuaren saminaz oroitzen delako kontzerturo,

abestiko lehen hiru akordeetan.

(eta maite du plagiatua)


Euskalari bat

arkeologo batekin maitemindu delako

Iruña-Veleiako istiluez eztabaidan zihardutela.







Gizakiok badugulako politikoki zuzena deituaren aurka joateko halako erraztasun bat, mende erdiaren bueltara iritsi eta halaz ere masailak malkotan itoko zaizkigula dakigun arren. Eta EHko neskatxen ehuneko altu batek Efren delako hilehoriaren argazkiak karpetan itsasten dihardu Soraya delako neska gaztea "maite" omen duelako.


Inozoak gu...



























































(Ez isildu, izan zuzenak ez-politikoki...)

2008/11/27

Lotsagarria...

- Kaixo.
- Buenas tardes. ¿Te ayudo en algo?
- ...E...no, no, sólo vengo a mirar. (Eta dendako txokorik ezkutuenera alde egiten duzu, dendairak zure gorritasuna nabari ez dezan gazteleraz hitz egitea gustoko ez duzulako, arropa bakarrik aukeratzea gustatzen zaizulako. Trapuren bati begia bota diozu jada, eta...bai! 38a falta da, bei falta da 38a, baita zapata dendetan ere. Arnasa sakon hartu eta beste dendariari begiratu diozu. Agian euskaraz jakingo du, animo!).

- Barkatu, 38rik baduzue?
- ¿Perdona?Es que, en euskera... (Eskerrak, ezpainak "vascuence" ahoskatzeko moduan jarri ditu. Bai, beti ahoa begiratzen dut, ez begiak).
- A ver si hay la talla 38.

(Aldageletara sartu, eta miraria dirudien arren, probatu eta erostea pentsatu duzu, buelta gehiagorik eman gabe. Kajara zoaz, gutxienez bost minutu itxaron beharko duzu).

- Holaaa.
- Aupa.
-Son 39,95€ por favor. (Eta kreditu txartela erakusen diozu).
- ¿Me enseñas el DNI?Baaale, ahora firma aquí.(Arratsaldeko lauretan lanean sartu denez geroztik ahoan bueltaka darabilen txiklea etengabe mugituz).
- Ee, tori.
- Baleee, gracias.
- Agur! (Ez da hain zaila izango lau letradun hitz hori ikastea, ziur ahalegin bat egin eta ahoskatuko duela).
- Chao!















Itxuraz italiar etorkin asko iritsi da azken urteotan Euskal Herrira, edo ama-hizkuntza gaztelania dutenek erraztasun berezi bat dute /c h a o/ bokal-kontsonante katea ahoskatzeko. Zer izango ote du /a g u r/ bokal-kontsonante kateak zailetik?












Gaur aldarrikapen gogoz jeiki naiz.
Lotsagarria.

2008/11/24

Bi lo


Anbizioak irensten gaitu sarritan.

Gaur, inoiz ez bezala astelehena izanik, zure betaurrekoak ikusi ditut. Ongi ematen dizute aurpegira, zuri guztiak, egia esatearren. Ikusi ditut, halaber, zure apunteak, zure azpimarratzeko errotulagailua, zure karpeta hortero hori. Eta musu bat eman dizut. Inoiz ez bezala astelehenetan.

Pasa den udaz geroztik gogoko ditut haurrak (lehen ez gehiegi, ez nuen eurekin komunikazio biderik irekitzen). Haurra nintzenean zenbatzen nuen moduan, gaurkoa alde batera utziz bi lo besterik ez berriro hain ongi ematen dizuten betaurrekoak begi aurrean izateko. Ez da hainbeste. Baina aste honetan gehiegi da. Anbizioak(edo abariziak) irentsi nau, edo zuk zeuk.








P.D.:Bekatu kapital gehiegi testu berean argitaratu ahal izateko akaso. Bekaturik ez balego zer litzateke ordea munduaz?


Eguraldi honek ez dit onik egiten, ez.



Ondo lo egin.

Ia larunbatero afaltzen dut lagunekin. Etxetik kanpo ikastearenak baditu halakoak.
Harira. ia larunbatero afaltzen dut lagunekin. Azkenaldian gure betiko zuloa utzi eta txoko "berriak" esploratzen dihardugu.
Duela guutxiko larunbat horietako batean konturatu nintzen. Aiton- amonak ez dira berdin esertzen taberna eta jatetxeetan. "Txorakeria galanta!" pensatuko du zenbaitek. Neronek ere horixe erantzun nion nire beste "ni"ari. Baina ez dira berdin esertzen.
Bikoteka, mahaiaren alde berean jezartzen dira BETI aiton- amonak. Lagunek ziotenari kasu handiegirik egin gabe, une batez arrazoi "normal" bat aurkitu nahi izan nion honi. Beharbada urte gehiegi daramatzate jada bata bestearen aurpegiak ikusten, eta nahiago dute pareko mahaian 2 zenbakidun entsalada, ala bokata begetal bat eskatu duten jakin; agian urteak urte izanik ere, euren artekoa ez da sekula aldatu, gehiagora ez bada, eta ezin dute bata bestearen albotik banandu.
Izan dadila arrazoi bat, edo bestea. Sarritan (gehiegitan esango nuke nik) aiton- amona askorengatik gaizki esaka aritzen naizen arren, gustoko dut jende zaharra. Gustoko dut nire hogei urte mukitsuetan izango zuten itxura buruan marraztea (horrek ni amontzean nolakoa izango ote naizen pentsatzea dakarren arren...). Izan ere, esploratu genuen afaltoki hartan, afalondoan jende helduarentzako dantzaldia izaten da beti. Hura zen hura gerri mugimendua aiton- amonen artean. Bereziki bikote batek eman zidan arreta. Hirurogeita hamarrak pasatxo edo bueltan, musikaren gainean gorputza mugitzeko arintasun ederra zuten. Eta desberdin esertzen ziren mahaian. Biak mahaiaren alde BEREAN.
Agian gizarte honetan "eskandalo" bat litzatekeelako mende erdia pasata duen edozein gizaki mahaiaren alde banatan eserita, musuka ikustea edozein tabernatan. Agian hori "gazteentzako kontua" delako, nork daki.
Oraindik ere loa kentzen didan xelebrekeria da.

2008/11/07

Aterkipeko gogoetak


Gaur, ikusi zaitudala eta euria ari zuela bakarrik dakit (eta "Deabruak"-en abestiarekin oroitu naiz oraintxe).

Ez dut sekula ulertu izan eguraldiak jendea aldatzeko duen boterea; haizeak orbela airera baino azkarrago mugitzen gaitu gu.

Eta ikusi zaitudala dakit, euria ari zuen eta.

Euria ari duen egunetan ez gara berdin orrazten; ez dugu dutxan abesten, nazkatu garelako jada gure gorputzaren kontra tantak etengabe sentitzeaz. Jende gehiagok hartzen du autobusa, jende gehiagok metroa, jende gehiagok trena. Agian erromantikoagoa delako kristalaren bestaldetik negarrez adioka aritzea bidai luze baten aurretik, egun eguzkitsuetan baino; erromantikoagoa da noski. Badelako euria ari duen egunetan autobusean sartu eta bidaiarien aurpegi grisak etengabe begiratuz bizitzeak merezi duela sinesten duenik, bere poz bakarra horrela somatzen duenik. 

Politagoak direlako filmak euria ari duenean (bai leihotik kanpora, baita fotogrametan ere). Politagoak direlako haurrak katiuska koloretsuekin euria ari duenean. Politagoa zarelako zu euria ari duenean, eta aterkiaren azpian lurrera begira joateagatik estropezu egin eta biok lurrera erortzen garenean berehala altxatuz, zinez plazako putzu guztietan elkarrekin estropezu egiteko gogoa sentitu arren.

Eta euripean ikusi zaitudala bakarrik dakit.

2008/09/15

L´amour


Hau ez da deklarazio bat. Hau ez da zureganako menpekotasuna erakutsiko duen idatzizko aitormena. Hau ez da "barka nazazu, mesedez" bat. Badakit barkatu nauzula, badakit beti egingo duzula. Badakit ez dudala deklaratu beharrik; ondoegi ezagutzen nauzu.


Hau ez da ordea deklarazio bat, ez eta zita eskatzeko modu bat. Jada mila eta bat zita izan ditugu elkarrekin.


Hau literatura idorrerian duen arima baten askapena da; bide batez, zuk ere maite nauzula entzun nahiko dut biharko lehen argi izpiarekin batera. Momentuz okre koloreko orriak dituzten liburuak hautatuko ditut liburutegiko apalategitik. Idorreria lasaituko duen ur tantaren bila.

Edo agian `Amélie´ alokatuko dut bideo-klubetik, ondo deklaratzen ikasteko.





"Sin ti las emociones de hoy no serían más que la piel muerta de las de ayer"

2008/09/05


Haizeak ere badaki. Badaki jada ez dizudala berdin begiratzen. Badaki, nahiago dudala oparitu zenidan liburu hura besapean hartu eta eguzkiak artean zerunuga igaro ez duenean harroketan pausatzea, hitz ederren bidez hilabeteak atzera egiteko. Badaki nahiaog dudala egun euritsuetako sofa, pijama, paperezko mukizapiak eta "Love actually"ren ildoko filmeren bat, ginen hura berriro sentitzeko.

Berak, zinez uste du betaurreko berriak direla begietatik pasioaren diztira kendu zidatenak...











Zuk "hitz egin behar dugu" ahoskatu zenion atzo.

Berak ez zuen hasiera batean erreakziorik izan; gero, irribarre lotsati bat marraztu zuen aurpegian, bere gurasoen etxean duen umetako erretratu hartara bueltatu nahiko balu bezala.

Egiarik onartu nahi ez duen arima bat.

Egiarik entzun nahi ez duen beste bat.



Azken finean, haizea zebilen, eta latz, galernak betaurreko berriak ondatu zizkizunean...

2008/07/14

Julen Gabiriaren esanetan...

Bidaiariak beti pentsatzen du sorterria atzean uztea bere kabuz hartutako erabakia izan dela. Sorterriak ez diola ezer berririk eskaintzen, edo beste nonbaiten aurkituko duela bere lurrak ematen ez diona, hori uste du bidaiariak. Nahi bai. Alderantziz dela aitortu dti bidaiari amorratu batek; sorterria izaten dela pertsona horretaz aspertu eta paseoan bidaltzen duena.

era berean, maitaleek uste dute beraiek sortzen dutela maitasuna. eta, noski, desegin ere berdin. Inork ez du onartu nahi alderantziz dela: amodioa egiten dugu, baina maitasunak egiten gaitu.

Eta gai honetaz pentsatzen ari nintzela, Hondurasko kartzela batean gertatutakoak gogoratu zaizkit. Abuztuko egun hartan presoek su eman zioten euren aterpe bakarra zen Santa Barbara kartzelari. Bertako 498 presoek, guztiek alegia, egin zuten alde. Kea eta kaosa aprobetxatuz korrika bizian irten ziren, askatasunaren besoetara heldu arte atsedenik hartuko ez zutela jakinik. Atzera begiratu gabe, nork bere ametsei eraginez, etorkizuna arnasestuka inauguratuz.

Baina askatasunak, iturriko urak bezala, bere jabe izan nahi duen eskuaren atzamarren artetik egin dezake ihes. Eta preso haiek korrika segitu zuten, urrunago eta urrunago. Harik eta, bide ertzean geratuta, zeren bila zebiltzan ere ez zekitela konturatu ziren arte.

Eta hala, 498 haietatik erdia baino gehiago etorritako bidetik bueltatu ziren kartzelara. Ez zuten nora joan, ez zekiten laguntza nori eskatu. Konfidantzazko inortxo ere ez zuten. euren betiko jendea hilda zegoen, militarrek erailak; gobernuak, beste era batera esateko. Aterpea ematen zien gobernu berak. Izan ere, beharra sentitzeraino elikatzen gaitu sistema honek. Kartzelan bizitzeko beharra pizten digun sistema, hori sistema eraginkorra da, dudarik gabe.

Ez gara ezer. Sorterriak bidaltzen gaitu paseoan, maitasunak egiten gaitu eta sistemak elikatzen gaitu. Eta panpinak baino ez garenez, badago beste adibide bat: panpinek ez dute inoiz jolasean parte hartzen; beraiek dira jolasa.









"Connemara gure bihotzetan", Julen Gabiria

2008/06/19

Nire amonak ez zuen txintxonean jolasten


Garai batean zapi zuriekin agurtzen zuten jendea tren bat hartzen zuten bakoitzean.

Niri ere amonak hala egiten zidan balkoitik nire izena oihukatu eta atzera begiratzen nuenero.

Badirudi norbait agurtzearen garrantzia ahantzi dugula mende honetan; amonak ene izena ahantzi duen bezala.

"Ez zaizkit agurrak gustatzen" , amonek txintxonean jolasten duteneko komodinaren pareko bihurtu da, agurren aurrean.

Nire amonak, ordea, ez zuen sekula txintxonean jolasten.

2008/06/18

okupa


Badirelako uneak, non gure gorputzak okupatzen duen espazio fisikoan egon beharko ez genukeen.


Badirelako uneak, zeinetan orduak eta orduak hitz perfektuaren bila igaro ondoren, gure gorputzak leku fisiko hori okupatzearen arrazoia jakiten ez dugun.


1.07 dio ordenagailuko ordulariak. Orduak daramatzat espazio fisiko bera okupatzen. Eta ez dut hitzik aurkitzen.


Susmoa dut gaurkoan ez ote nuen beste espazio fisikoren bat okupatu behar... bihar ordea, ez da zugandik gehienez ere milimetro batera dagoen espazio fisikoa okupatzeko unea izango...









[standby]

igande euritsuak


Txikitan ohitura nuen igande euritsuetan puzleak egiteko. Berez ez zaizkit sekula gustatu izan; igande euritsuetan soilik. Pieza guztiak elkartu nahiean ibiltzen nintzen anaiarekin, eta zati bat osatzeko pieza bat falta zenean, minutu luzeak ematen nituen une hiaetan urrea balio zuen pieza haren bila. Ez nuen aurkitzen. Inon. Jada etsita, bat-batean pieza madarikatua beste eskuan izaten nuela konturatzen nintzen


Bizitzaren gauzak.



Bada urte dezente puzlerik egiten ez dudala. Ezta nahi ere, igande euritsu horietan. Eta egia esan, ez dakit zergatik akordatu naizen puzle madarikatuetaz... Bizitzaren gauzak... Zu zintudan ezkerreko eskuan denbora luzez beste piezaren baten bila nenbilen bitartean. Hori gauza, bizitzarena; hori gauza, puzleena. Ezin aurrera jarraitu ezkerreko eskuko pieza hori gabe...



Igande euritsuak... azkenean gustoko izango ditut.