2007/12/16
ziur...
Ia-ia korrika txikian noa maldan gora, kale estuetan barrena sartzeko. Hotza da gaur giroa, azkenaldian egunero legez. Nik ordea, ez dut inguratzen nauen hotz horretan pentsatzeko astirik.
Tabernara sartu eta "Cola-cao" bero bat esaktu dut, eskuak berotzeko soilik izan bada ere, eta aulki luze horietako batean pausatu naiz, nora begiratu jakin gabe.
Zigarroari su eman diot, eta hasi da pixkanaka bere bizitza laburra izango dena xahutzen, errautsak lekua jaten dion bitartean. Zazpi izan dira "Cola-cao"ak beroa mantendu duen bitartean erre ditudan guztiak. Beste hamaika eta bat zure irudia atetik barrena sartuko denaren itxaropenez zain pasa ditudan orduak.
Jada ohitura bilakatu da, ordea, oraindik ezagutzen ez ditudan begi horien esperoan egote hori.
Erotuta nagoela dio zenbaitek. Nik, ordea, badakit iristear egoten zarela etxerako bidea hartzen dudanero.
Biharkoan ziur...
2007/10/27
empty world
"Empty". Horixe irakurri berri dut interneteko txoko galduren batean. Milaka hitz zeuden, baina begiradak horixe harrapatu du, eta behin eta berriro begiratu, berba bera barruan somatu arte. Eta egia esan, hutsik dut sentitzen barrena azkenaldian. Barrena, ingurua, eta mundua oro har.
Ez baita irribarrearen keinurik txikiena sortuko diran gauzarik euskaldunon egunerokoan, ez eta Iraken; amerikarren McDonalseko pailazoak duela urte mordoa galdu zuen xamra enetzat, eta jada metroan bidaiatzeak zuen ikutu erromantiko edo, esan dezadan, literario hori ere galdu du mundu honek. Tokyoko karrika erraldoietan, "besarkadazaleak" dabiltza kariño falta duen edonorentzat-edo.
Hutsaltasuna izango ote..."emptyness" aurkitu du oraingoan nire begirada...hutsak.
... empty world ...
2007/04/28
Izaren arteko kafe usaina
Izara zimurtuen artean are ederragoa zait zure irudia. Loak oraindik ez du erabat alde egin ene begietatik, baina esnatzearekin batera zure usaina somatzeak... ez dakit... deskriba ezina izan da. Guztia esango nizuke oraintxe, hilabete luzez buruan irudikatu dudan oro, esna igaro ditudan mila eta bat gau, guztia... zure azalaren esperoan.
Alkoholez bustitako musuak ordea, biharamun garratzak izaten omen dituzte zenbaitetan.
Iratzargailuak esnatu zaitu. Nik berriz, ez dut begirada segundu bakar batez ere zuregandik mugitu.
Begiekin hitz egin didazu kafe usaina somatzen hasi den bitartean.
Nahikoa izan dut hori, izarek gordeko dute bart gauekoa... luzaroan.
2007/02/02
Goizaldeko ordu hauetan irratiak soilik askatzen zaitu izaren berotasun itogarritik, loak zurekin topo egin nahi ez dueneko uneetan. Buruan hamaika irudi, biraka, ez dakizu zergatik. Irratiak ahotsa galtzen du pixkanaka, eta bat- batean, katez aldatzen hasi eta, doinu hura aditzea iruditu zaizu. Bai, hura da. Ez zinen kantu hartaz oroitzen, baina une honetan entzun ditzakezun akorderik ederrenak dira, arimak oihuka eskatzen dizkizun horietakoak, eta irribarre egin duzu, gaur lehenengoz. Irribarre egin, eta zeure burua filme batean irudikatu, abestiak dirauen bitartean. Filme batean, fikzio hutsa; inguruan somatu nahiko zenukeen errealitatea baina.
izan ere, azken boladan, ezer gutxik sortzen du zirrararik zure baitan. Ez zirrararik, ezta grinarik ere, ezer ez. Kantuak soilik eskeintzen dizu espero duzuna, bizitzak eman nahi ez dizun erantzun hori... Azken notak dira ordea. Emeki- emeki irratiak berriro egin du ahotsa galtzeko keinua... Hurrengo kantuak dio guztia, "...sientes por dentro que todo se va...".
2007/01/21
arima bat noten menpeko
Notak, beti norbaiten menpeko, hurrengo notak esango duenaren zain, eta aurrekoaren itauna erantzun nahian, doinu baten baitan, kantu baten baitan.
Doinu baten aurrean hunkitzen den oro bihurtzen da noten menpeko ordea. Menpeko, begiak umeldu dizkion abesti hori mila eta bat aldiz entzungo duelako, jarraian, barnean duen korapilo hori askatuko zaionaren itxaropenez. Mila eta bat aldiz entzun, doinuaz maitemindu arte, malkoek hunkiduraren muga zeharkatu eta oinazea bustitzen duten arte; denbora luzez arimari sentitzea debekatu dion hura erraietan somatu arte. Gorroto izan nahiko lukeen hura, oriandik ere maite duela pentsatu arte, haren hutsuneak nortasuna ezabatzen dion uneetan.
Oraindik ere maite du, edo gertuago sentitu nahiko luke, gaur bederen, gaur bai, egunak desberdin argitu duelako agian, edo euri tanta bakan batzuek guztiari gris ukitu hori eman diotelako beharbada, edo besterik gabe, notek askatu ez duten korapiloa aireratu nahi duelako, berritan ere noten segida bera entzun, eta arimak korapilaturik dirauela konturatuko den arren.
2007/01/13
hitzik politenak ez diren arren...
Gaurkoan, zuretzat. Bai, berezia zarelako, zu zarelako, hainbat unetan ene barneko amorrurik latzena azaleratzen didazulako. Besteetan ordea, nire arimaren txokorik ezkutuenak erakusten dizkizudalako, nahigabe agian, masailak gorritzen zaizkidalarik batzuetan. Zuretzat, beste batzuetan bere muxuengatik sentituriko grina azaldu nahi dizudalako, horretarako hitzik aurkitzen ez dudan arren... Zuretzat, nire nortasunaren zati handi bat eraiki duzulako, urtez urte, egunez egun. Zuretzat, duzun guztia eskeini didazulako, maindire artean zerrail hotsaren zain egon eta egongo zarelako hamaika eta bat aldiz. Zuretzat, askotan gorroto izan zaitudalako malko artean. Ene gezurrak, askotan sinetsi dituzulako, eta egi horien artean igerian darraizulako. Zuretzat, maitasun hitz ederrekin liluratu nautenek baino gehiago maite izango nauzulako beti, zinez, edozerren gainetik, azken finean, zure zati naizelako.
Zuretzat, ama.
2007/01/08
Ez dakit...
Gauero lez desio dut
loak harrapatzea.
Loak harrapatzea
guztia ahazteko.
Nintzen hura
izaten jarraitzeko.
Baina era berean
eromenezko une haiek
berriro azalean sentitzeko,
ezkutuan.
Inork jakin ez dezan,
berak jakin ez dezan,
ene buruak jakin ez dezan.
Nire arimaren ahots leun horrek
ezer txarrik egin dudala
esan ez diezadan.
Ez dut eta
oreka lortzea beste gogorik.
Ene barnean.
Ene begirada guztietan.
Nik neurea ulertzen ez dudanean.
Senti dudana azaldu ezin dudanean.
Arimaren oihuak kanporatzeko
mila eta bat ele hautatzean.
Ez dakit...
loak harrapatzea.
Loak harrapatzea
guztia ahazteko.
Nintzen hura
izaten jarraitzeko.
Baina era berean
eromenezko une haiek
berriro azalean sentitzeko,
ezkutuan.
Inork jakin ez dezan,
berak jakin ez dezan,
ene buruak jakin ez dezan.
Nire arimaren ahots leun horrek
ezer txarrik egin dudala
esan ez diezadan.
Ez dut eta
oreka lortzea beste gogorik.
Ene barnean.
Ene begirada guztietan.
Nik neurea ulertzen ez dudanean.
Senti dudana azaldu ezin dudanean.
Arimaren oihuak kanporatzeko
mila eta bat ele hautatzean.
Ez dakit...
Subscriure's a:
Missatges (Atom)