2009/01/20

Betetzeko zulorik ez balego...


Eguna joaten zaio liburutegiko lau pareten artean. Azterketa garaian ere, esertzeko lekurik ia izaten ez denean, hantxe pasatzen du eguna berak. Egunkari bat hartu, goitik bera irakurri (ziurrenik orriladearen zenbakia ere bai), eta beste baten bila joaten da.



Gaztetan irakurtzerik izan ez zuen guztia, hil baino lehen irakurri nahi duela dirudi, konpultsiboki, badaezpada ere, zerbait gertatzen bazaio. Eta kanpaiak entzuten dira, aldameneko elizakoak; "gaur ere joan zaigu baten bat" pentsatzen du berak tristuraz. 

Arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera itxi dut, gaur ere, liburutegia. Egunkari zaharregietan begira hasi naiz, aspaldiko berriak oraintxe bertan sortutakoak diruditela pentsatuz (horixe du gure munduak), eta konturatu naiz zulo bat dagoela egunkari guztietan, leku berean, eskelen atalean. 

Hiltzeari beldurra diogula dio zenbaitek. 

Liburutegiko agureak bera hiltzen den egunean jada irakurtzeko egunkaririk geratuko ez denaren beldurra du.

Badaki utziko duen zulorik handiena egunkari bakoitzean egindakoa dela; bere eskelak beteko duena.

2009/01/13

Postariarekin maitemindu zelako...




Ez da maizegi gertatzen. Ia inoiz ez da gertatzen azkenaldian. Bankua eta telefono konpainia; bat- batean Benidorm-eko apartamentutxo baten jabe naizela jakinarazten duen eskutitz "horteroren" bat.




Ene buruari idazten hasi naiz. Duela urte batzuk bizilaguna, edo ikaskidea, edo ama horrelako zerbaitetan ikusi izan banu, psikoanalistarik garestienari deituko nion. Gaur ez.




Jada larregi direlako malkotan igaro ditudan orduak. Luzeegia delako egutegiko egun bakoitza (astelehena, ostirala edo igandea izanda ere), ez zenuelako zure liburuxka zaharkitu eta whiskyz zipriztinduriko hartan nire helbiderik izkiriatu.




Eskutitzen zain dihardut, ordea, egunero, urteko egunik arraroenean ere. Bere ibilera pausoz pauso leihotik begiratzearren bakarrik. Eskutitzak postontzian sartzerakoan duen fintasun horrengatik. Beharbada, bera izan delako maitasunik gozoena eskutitz forman ekarri izan didana; bera izan delako inolako maitasunik ekarri ez didana ere.





Gaur ez. Gaur ez dut psikoanalisten telefonorik agendan. Ez dut behar. Nire buruari eskutitzak idaztea ez al da ba nahikoa terapia?