2011/10/21

Maindire arteko biderketak

Eta lana pilatzen zait, orduak pasa ditudan arren, egin beharreko lan horrekin pentsatzen. Kontzientzia garrasika hasten zait. Batez ere maindire artean; iluntasunak baduelako gauzen garrantzia infinituarekin biderkatzeko ahalmen hori.

"Kontzientziak bidezidor asko hartzen ditu ezkutatuan gorde nahi zenituzkeen zamak azaleratzeko". Herenegun irakurri nuen Andu Lertxundiren eleberri batean. Ez nuke definizio hoberik aurkituko. Baina ez dit lanagatik garrasi egiten. Kontzientziak, diot. Denbora luzez gauza berari jira eta bira ibiltzearen ajeak izango ote.

Gero teleberria jarri eta nirekoia sentitzen naiz. Arazoak alfonbra azpitik ateratzen ditut, edo ni naiz arazoa, edo larunbat gauetako zigarro alkoholdunak dira arazoa...
Gaur, badirudi bizitza berri bati ekin behar diogula denok, halabeharrez. Egunkariek hala diotelako, irratiak hala diolako, telebistan besterik ez delako entzuten.

Nik, gaurko egunkari alea gordeko dut, eta hemendik 30 urtera orriak zeharo horituta dituenean, berriro irekiko dut, eta Gorka Urbizu ikusiko dut EEBBtako irrati batean Berri Txarraken diska berriari buruz hizketan; eta Ur Apalategik, "ofizioz" eleberrigile izanda, ipuin-liburu batekin sari bat nola irabazi zuen irakurriko diet bilobei; Gadafiren aurpegi odoldua bigarren plano batean nola geratu zen ekarriko dut gogora. Eta 2011. urte hartan, behar bada ordura arte sekula irakurri nuen lerrobururik garrantzitsuena nola irakurri nuen gogoratuko dut. Ordura artekoa. Beste egunkari-azal batzuk gordetzeko esperantza sentitu nuela ere gogoratuko dut.
Iluntasunak baduelako gauzen garrantzia infinituarekin biderkatzeko ahalmen hori. Larunbat gaueko zigarroekin are gehiago.