Bidaiariak beti pentsatzen du sorterria atzean uztea bere kabuz hartutako erabakia izan dela. Sorterriak ez diola ezer berririk eskaintzen, edo beste nonbaiten aurkituko duela bere lurrak ematen ez diona, hori uste du bidaiariak. Nahi bai. Alderantziz dela aitortu dti bidaiari amorratu batek; sorterria izaten dela pertsona horretaz aspertu eta paseoan bidaltzen duena.
era berean, maitaleek uste dute beraiek sortzen dutela maitasuna. eta, noski, desegin ere berdin. Inork ez du onartu nahi alderantziz dela: amodioa egiten dugu, baina maitasunak egiten gaitu.
Eta gai honetaz pentsatzen ari nintzela, Hondurasko kartzela batean gertatutakoak gogoratu zaizkit. Abuztuko egun hartan presoek su eman zioten euren aterpe bakarra zen Santa Barbara kartzelari. Bertako 498 presoek, guztiek alegia, egin zuten alde. Kea eta kaosa aprobetxatuz korrika bizian irten ziren, askatasunaren besoetara heldu arte atsedenik hartuko ez zutela jakinik. Atzera begiratu gabe, nork bere ametsei eraginez, etorkizuna arnasestuka inauguratuz.
Baina askatasunak, iturriko urak bezala, bere jabe izan nahi duen eskuaren atzamarren artetik egin dezake ihes. Eta preso haiek korrika segitu zuten, urrunago eta urrunago. Harik eta, bide ertzean geratuta, zeren bila zebiltzan ere ez zekitela konturatu ziren arte.
Eta hala, 498 haietatik erdia baino gehiago etorritako bidetik bueltatu ziren kartzelara. Ez zuten nora joan, ez zekiten laguntza nori eskatu. Konfidantzazko inortxo ere ez zuten. euren betiko jendea hilda zegoen, militarrek erailak; gobernuak, beste era batera esateko. Aterpea ematen zien gobernu berak. Izan ere, beharra sentitzeraino elikatzen gaitu sistema honek. Kartzelan bizitzeko beharra pizten digun sistema, hori sistema eraginkorra da, dudarik gabe.
Ez gara ezer. Sorterriak bidaltzen gaitu paseoan, maitasunak egiten gaitu eta sistemak elikatzen gaitu. Eta panpinak baino ez garenez, badago beste adibide bat: panpinek ez dute inoiz jolasean parte hartzen; beraiek dira jolasa.
"Connemara gure bihotzetan", Julen Gabiria