2007/02/02


Goizaldeko ordu hauetan irratiak soilik askatzen zaitu izaren berotasun itogarritik, loak zurekin topo egin nahi ez dueneko uneetan. Buruan hamaika irudi, biraka, ez dakizu zergatik. Irratiak ahotsa galtzen du pixkanaka, eta bat- batean, katez aldatzen hasi eta, doinu hura aditzea iruditu zaizu. Bai, hura da. Ez zinen kantu hartaz oroitzen, baina une honetan entzun ditzakezun akorderik ederrenak dira, arimak oihuka eskatzen dizkizun horietakoak, eta irribarre egin duzu, gaur lehenengoz. Irribarre egin, eta zeure burua filme batean irudikatu, abestiak dirauen bitartean. Filme batean, fikzio hutsa; inguruan somatu nahiko zenukeen errealitatea baina.

izan ere, azken boladan, ezer gutxik sortzen du zirrararik zure baitan. Ez zirrararik, ezta grinarik ere, ezer ez. Kantuak soilik eskeintzen dizu espero duzuna, bizitzak eman nahi ez dizun erantzun hori... Azken notak dira ordea. Emeki- emeki irratiak berriro egin du ahotsa galtzeko keinua... Hurrengo kantuak dio guztia, "...sientes por dentro que todo se va...".